XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

OROTASUNAK

1. EGUNKARIA euskaraz da, eta hau funtsezkoa den arren, arazo nagusia beste bat da: euskarazko egunkari ongi informatua, profesionala, orekatua, baterakoia eta nazionala eskaintzea, alegia.

Hasieratik definitu zituen EGUNKARIAk bere 'Oinarrizko Ezaugarriak': aurrena, euskaltzalea eta nazionala izatea; baterakoia, eta euskaltzale guztiak hartzeko adina zabal; independentea, egunkari plural batek beharrezkoa duen bezala, eta beraz ez-instituzionala; bertako langileek euskararen militantzia sentitu behar dute, eta profesionaltasunarekin batera egunkari berria egin.

Prentsa independenteak oinarrian du albisteak ez manipulatzea; irakurleen eskubideak zaintzeko modurik hoberena baitu.

Hala ere, albiste oro ikuspuntu batetik ikusi, hartu, edo idatzi ohi da.

Kazetari profesionalak beraz, beti jakingo du bere alderdikeriak eta aieka-interesak bazter uzten, bere ideologiari uko egin gabe.

EGUNKARIAren oinarrietan aipatzen den nazionaltasunak zenbait baldintza betetzera behartzen gaitu.

Oso kontuan hartu beharko du kazetariak lurraldetasun berri bat asmatu behar duela, euskararen mugapeak estatu artekoak direla, eta honek garrantzi handia du ez terminologia politikoaren mailan bakarrik, baita hitzen maileguarenean ere.

2. EGUNKARIAren nazioaren izena Euskal Herria da.

Euskal Herria bi zatitan dago banatua aspalditik: Ipar Euskal Herria (Iparraldea), eta Hego Euskal Herria (Hegoaldea).

Ipar Euskal Herriak hartzen ditu Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa.

Iparraldea ez da probintzia bat.

Beraz, 'Iparralde' hitza hiru probintziok hartzeko erabiliko da, edo Hegoaldearekiko konparazioetan edo baliokide politikoetan.